Kontuan hartzen badugu kexa idatziak zein arlo tematikorekin dauden lotuta, hauxe ikusten dugu: aurreko urtearen aldean, oro har, berriz gora egin duela gizarte eremuarekin lotuta bideratu diren kexa idatzien espedienteen kopuruak. Azken kexa horiek kategoria bakarrean bilduta agertzen ez badira ere, hainbat arlotan azaltzen dira, ez bakarrik gizarteratze arloan, baizik eta baita ere etorkinen, buru-gaixoen, haur eta nerabeen, adinekoen, etxebizitzaren, espetxeratuen, ezgaituen, eta abarren arloetan.
Horrela, ikus daiteke 2016an gehitu egin direla gizarte bazterkeriaren aurka borrokatzeko bitartekoekin loturiko erreklamazioak: 790 izan dira (2015eko 755 kexen aldean), baina 2013. urteko 883 kexetatik eta 2012ko 1.100etik urrun dago oraindik. 790 kexa idatzi horietatik 759k (hau da, ia %96k) Lanbideren jarduera txarrarekin loturiko hainbat arazorekin dute zerikusia, eta diru-sarrerak bermatzeko errenta (BE) eta etxebizitzarako prestazio osagarria (EPO) kudeatzerakoan izandako jarduerekin.
Gizarteratze arloan ez ezik, jarduera bizia nabari da arlo hauetan: hezkuntza, etxebizitza, araubide juridikoa, herri-administrazioen ondasunak eta zerbitzuak, ogasuna, Herri-administrazioen zerbitzuko langileak eta segurtasuna. Era berean, 2016an kudeatutako kexa idatzien artean, ugariak dira arreta publikoa behar duten taldeei dagozkienak.
Arartekoak bideratu dituen kexa-espedienteetatik %53 baino gehiagok eskubide sozialekin dute lotura (hezkuntza, osasuna, gizarteratzea, etxebizitza, e.a.).
Orobat, azpimarratu behar dugu kexa-espedienteetatik %42k gutxi gorabehera (gizarteratze arlokoek barne) zerikusia dutela pertsona guztien benetako berdintasun eraginkorra bermatzeko politika publikoekin. Politika horien xedea pertsona jakin batzuei: emakumeak, gizarte bazterkeria pairatzen duten edo pairatzeko arriskua duten pertsonak, adinekoak, haurrak eta nerabeak, ezintasunen bat duten pertsonak, homosexualak -gay zein lesbianak- edo transexualak, etorkinak eta kultura aniztasuna, ijitoak, etab., eskubide hori behar bezala gauzatzeko aukera galarazten edo eragozten dieten oztopoak kentzea da.
2. taula.
Hasitako kexa-espedienteen banaketa, jarduera-arloaren arabera*
Arloa | % | |
Gizarteratzea | 790 | 36,59 |
Hezkuntza | 155 | 7,18 |
Etxebizitza | 136 | 6,30 |
Herri-administrazioen araubide juridikoa, ondasunak eta zerbitzuak | 122 | 5,65 |
Arreta publikoa behar duten taldeak: ezinduak, adinekoak, berdintasuna, etorkinak eta kultura aniztasuna, espetxeratuak, e.a. | 119 | 5,51 |
Ogasuna | 116 | 5,37 |
Herri-administrazioen zerbitzuko langileak | 109 | 5,05 |
Segurtasuna | 95 | 4,40 |
Ingurumena | 93 | 4,31 |
Osasuna | 91 | 4,21 |
Hirigintza eta lurralde antolamendua | 76 | 3,52 |
Herri lanak, garraioak eta azpiegiturak | 65 | 3,01 |
Justizia | 48 | 2,22 |
Jarduera ekonomikoaren antolamendua | 38 | 1,76 |
Hizkuntz eskubideak, kultura eta kirola | 33 | 1,53 |
Haurrak eta nerabeak | 28 | 1,30 |
Lana eta Gizarte Segurantza | 15 | 0,69 |
Familiak | 14 | 0,65 |
Animaliak babestea eta edukitzea | 9 | 0,42 |
Gardentasuna, partaidetza, gobernu ona eta datuak babestea | 7 | 0,33 |
Guztira | 2.159 | 100 |
* Azpiarloen arabera xehatutako datuak Arartekoaren web orrian kontsulta daitezke, estatistika osoan